Iseka

 

ISEKA

DBHko gazteak Iseka gazte taldean elkartzen dira.

Larunbat arratsaldero, bi orduko saioak egiten dituzte Atarrabia, Burlata eta Uharteko gaztelekuetan. Izan ere, Isekan hiru herriotako gazteak biltzen dira 16:30etik 18:30era.

Isekakideek, ikasturtean zehar, asteburu osoko hiru kanpaldi egiten dituzte. Lehenengo biak etxe batetan egiten dituzte eta azkena, udaberri partean, ibiltaria; euskal geografiaren txoko ederrenak oinez ezagutzeko.

Isekako gazteekin autonomia ardatza. Geure burua maitatzen ikasi ondoren eta besteak ezagutu eta onartu ostean, badugu garaia gure kasa gauzak egiteko gai izateko. Adin honetan familiak lagunek baino garrantzi gutxiago du, eta pertsona autonomoak izaten lagundu nahi diegu gazteei. Gazteak beren bizitzetako protagonistak izatea nahi dugu; erabakiak hartzeko gai izatea nahi dugu, eta gauzak bakarrik egiteko gai izatea (argi utziz ondokoari laguntza eskatzea ongi dagoela). Autonomoagoak izaten laguntzeaz gain, arduraz jokatzeari eta pentsamendu kritikoa garatzeari ere garrantzia ematen diogu. Izan ere, kritikoak bagara, guk nahi duguna eta sentitzen duguna eginen dugu, eta ez besteek esaten digutena. Era berean, autoestimuan eta aniztasunean oinarrituta hartuko ditugun erabakiak geure buruarentzat eta besteentzat onuragarriak izanen dira, hau da, arduratsuak.